[well anim=”fadeInUpBig” ]

Ibilbidea

ibilbideAzken urteotan Lehen Hezkuntzako 2. Zikloan ari naiz lanean. Urte askotan 12-14 urte bitarteko ikasleekin aritu eta gero, erronka bat izan da niretzat 8-9 urteko haurrekin aritzea eta euren ezaugarrietara egokitzea.

 

Aitortu beharra daukat hasiera oso zaila egin zitzaidala eta asko kostatu zitzaidala adin horien umeen ezaugarriak ondo ulertzea, baina poliki-poliki egokitzen joan naiz eta, nahiz eta helduagoekin errazago moldatzen naizela pentsatzen jarraitzen dudan, nik uste dut nahiko ondo egokitu naizela eta umeekin konektatzen ari naizela.

 

Adin hauetan, irakasleok “Jainkoak” gara umearentzat eta, une honetan, sentsazio zoragarriak sentitzen ditut ikasleekin ari naizenean. Nolanahi ere, beraiengandik jasotzen dudana nik ematen diedana baino askoz ere gehiago dela sentitzen dut eta bi aspektu horiek parekatzeko ahaleginak egiten ditudan arren, balantzan beti nagusitzen da ikasleek ematen didatena.

 

Nire bizipen pertsonalak direla eta, betidanik oso ikuspegi kritikoa izan dut hezkuntza arautuan egiten denaren inguruan. Konbentzituta nago eskolak umeen jakin-mina, sormena, ikertzeko joera… zapuztu besterik ez dituela egiten eta aldaketa erradikala derrigorrezkotzat jotzen dut.

 

Irakaskuntzan murgildu nintzen lehen urteetan, aukera paregabea izan nuen nire ideiak aurrera eramaten hasteko eta lan honekin maiteminduta geratu nintzen. Testuliburuekiko ez genuen inongo loturarik eta erabiltzen genituen arren, esperientzia zoragarriak diseinatzeko eta aurrera eramateko aukera izan nuen. Ikasleek, familiek eta irakasleok talde bat osatzen genuen eta konfiantzazko giro bikain bat sortu genuen. Zoritxarrez, askatasun giro hori eskaintzen zigun ikastetxeak bere ateak itxi behar izan zituen eta Jakintza Ikastolak beste abentura batean murgiltzeko aukera zoragarria eskaini zidan. Ikastolak, niretzat, betidanik eredu pedagogiko aurreratuenen ereduak ziren eta antzeko gauzak bizitzeko aukera berri baten aurrean nengoela ez nuen inongo zalantzarik.

 

apalak_galderaIkastola prozesu gogor eta zail batetik zetorren eta antolakuntza eraginkor eta eragingarri baten diseinuan murgilduta zegoen. Garai hartako lehentasuna hori izanik, erabat inplikatu nintzen horretan eta arlo pedagogikoa alde batera utzi nuen, baina ikastolan eredu tradizionala nagusitzen zela ikustean, zur eta lur geratu nintzen. Eta, jakina, ni ere gurdi horretara igo nintzen.

 

Urteak aurrera egin ahala, gure praktiken desegokitasunaz kontzienteagoa egin nintzen. Nire motibazioa lurretik zegoela eta enamoratu ninduen lan hartatik oso urruti nengoela ikusi nuenean, aldaketaren beharra aldarrikatzen hasi nintzen ahal nuen guztietan. Bestalde, Ikastolen Elkartean jarduera digitalak diseinatzen izan nintzenean, gure garapen didaktiko-pedagogikorako laguntzaile baino, oztopo bat zela ohartu nintzen. Argitaletxe baten ikuspegia da bertan nagusitzen dena eta ikastoletan ikusten ditugun beharrei erantzuteko ikasmaterial desberdinekin besterik ez dute erantzuten. Horregatik, azken ikuspegi hori agerian uzteagatik, arazoak besterik ez ditut izan.

 

Dena den, gure ikastolan, LH 2. Zikloan aldaketa sakonak burutzeko asmoa agertu nuenean, inongo arazorik ez nuen izan eta, nik nahiko nukeen aldaketa ez bazen ere, aurrera eraman ahal izan genuen. Zoritxarrez, gure etapan proposamena aurkeztu genuenean eta jende gehiago animatzeko eskatu zenean, beste inork ez zuen iniziatibarik hartu eta gure mailako bi irakasleok bakarrik geratu ginen.

 

Lehen ikasturte hori funtsezkoa izan zen. Begi asko gure esperientziari so zeuden eta, zergatik ez, arrakasta izango ote zuen beldurra ere bazegoen.

 

Bada, gure ikasleengan antzeman genuen aldaketa erradikala, gure jardunean egin behar izan genuen ahalegin berezia eta transmititzen genuen zoriontasuna, lankideek egunero ikusten zutena… agerian uzten zuten zerbait handia gertatzen ari zela. Horregatik, maila hartako gurasoek ikastolari gisa horretako lanketa batekin jarraitzeko eskaera egin ziotenean, betikoari eutsi nahi dioten irakasleek urduritasun ikaragarria erakutsi zuten. Alde batetik, esperientzia xume horrek Ikastolen Elkarteak eskaintzen zigun testuliburuetan oinarritutako eredu tradizionala kuestionatu ez ezik, komunitateko kide ezberdinetara iristen ari zen eta arriskuan jartzen zen ordura arte ukitu ezinak ziren gauza asko, eta bestetik, betiko praktikei atxikituta eta euren immobilismoa justifikatzeko era guztietako aitzakiak erabiltzen zituzten gainontzeko irakasleak nabarmen geratzen ziren.

 

Aldaketa horren etsaientzat beste “muturreko” bat iritsi zen Ebaluazio Diagnostikoaren emaitzak iritsi zirenean. Izan ere, hartz_gorriekimen horretan murgildu ziren ikasleek arlo guztietan inoizko emaitzarik onenak lortu zituzten. Guretzat ebaluazio horrek ezertxo ere esaten ez badigu ere, emaitza onak lortzeko betiko lanketa eraginkorragoa dela defendatzen zutenak, argudiorik gabe geratu ziren.

 

Testuinguru horretan, askotan gertatzen den bezala, aldaketak moteltzeko balazta guztiak aktibatu ziren eta ez zen makala izan gure aurrean topatu genuen guztia. Nolanahi ere, sistema horretan lehen zuloa eginda zegoen eta beste irakasleak ere aldaketaren bidea urratzen hasi ziren. Horretan gabiltzan irakasle guztion balorazioa oso ona bada ere, une honetan, oraindik denok gurdi horretan ez gaude eta beste urrats kualitatibo bat eman beharra daukagula sentitzen dudanez, ataka baten aurrean nagoela iruditzen zait. Aldaketa gehiago pentsatzen eta prestatzen ari naiz, baina ez dakit aurrera egiteko indarra izango ote dudan. Orain dela hamarkada bat proposatzen genuen aldaketatik oraindik ere oso urruti gaudela eta alde guztietatik aurre hartzen digutela ikusteak pena ikaragarri ematen dit eta ia ezinezkoa egiten zait beharko nukeen gogoarekin lanketari heltzea.

[/well]

[panel anim=”rotateIn” ]

Hezkuntzaren ikuspegi pertsonala

Zein da hezkuntzaren xedea?

 

hezkBi joera nagusitzen dira: lehenak, funtsean, doktrinamendua bilatzen du eta, horrekin, ikasleek txiki-txikitatik erreferentzia marko bat dute non men egiten ikasiko duten, gauzak kuestionatuko ez dituzten, gizartearen egituraketa zalantzan jarriko ez duten… Bigarrena, berriz, Ilustrazioaren garaikoa da eta goi mailako balioen artean sorkuntza, ikerkuntza, etengabeko ikaskuntza, jakin-mina, iritzi kritikoa… jartzen ditu.

 

Guztiok bigarrenaren alde gaudela diogun arren, garbi dago xede horiek lortzeko indarrean jartzen ditugun proiektuak, erabiltzen ditugun metodologiak, baliabideak, ebaluazio ereduak… ez direla neutralak eta agerian utziko dutela egitasmo edo jokabide bakoitzaren atzean zer den benetan ezkutatzen dena.

 

Horregatik, curriculum guztietan eta ekimen guztietan xede horiek agertzen badira ere, arreta handiz aztertu behar dira proposatzen dituzten metodologiak, baliabideak, ebaluazio proposamenak…

 

Hori guztia aintzat hartuta, eta gehiegi ez luzatzearren, horra hor niretzat hezkuntza ekimen guztietan bermatu beharko genituzkeen aspektuak:

 ahaldundu

  • Ikasleak ez dira etorkizuneko hiritarrak, egungoak baizik. Horrek esan nahi du euren ahotsak zer esan handia duela eta gure gizartean eragile aktiboak izan daitezen aukera errealak eskaini behar dizkiegula.
  • Ikasle guztiak ezberdinak dira. Homogeneizazioa sustatzen duten metodologiak, baliabideak… baztertu behar dira. Adimen guztiak eta ikas-estilo ezberdinak garatzeko proposamenak luzatu behar dira.
  • Gauzak eginez ikasten dugu. Besteek eginikoa erreproduzitzea baino, lehentasuna eman behar zaio gauzak sortzeari.

[/panel]